XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

II IRAKURGAIA Agustin Gotzai Santuak Proba-ri egindako eskutitzatik

Zergatik gabiltz batetik bestera galdezka zer eskatu bear dugun, beti dagokiguna ez eskatzeko beldurrarekin?.

Utz kezka oiek eta esan dezagun salmuarekin: Bakartxo bat Jaunari eskatzen diot, nik ura nai: nere bizitzako egun guztietan Jaunaren etxean bizi nadilla, aren atsegiña nabaitzeko, eta Aren jauretxea ikusteko.

Egoitza ontan egunak ez dira asten ezta bukatzen ere, denak batean dira eta amairik ez dute.

Bizitza berak ere, egunen tankerakoa den ezkero, ezin izan amairik.

Bizitza doatsu ori iristeko Bizi doatsuak berak otoi egiten erakutsi zigun.

Eta erakutsi zigun otoi egiten ez itz askotan, asko itzegiñez obeto entzunak izango giñelakoan.

Guk eskatu baiño leen, ondo bait daki zer bear dugun.

Jaunak berak esan zuen.

Ori ala izanik, arritu gindezke otoi egiten erakusten digulako, orrela gure naia jakin nai duela uste badugu.

Baiña, ez da ori Ark nai duena, gure naia ondo ezagutzen duen ezkero.

Ark nai duena da, guk otoitzaren bitartez gure naia berotzea, bear bezala zabal gaitezen eman bear diguna artzeko.

Bada, aundia da Aren emaitza, gure neurria, berriz, txikia eta estua.

Orregatik esaten zaigu: Zabal zuen biotzak eta ez izan uztar-lagun siñiste-gabekoekin.

Izan ere, ain aundia da Jainkoaren emaitza: ura ikusi duen begirik ez da ez bait da an margorik, ura entzun duen belarririk ez da ez bait da an soiñurik, ez da ura somatuko duen biotzik ere, ortarako gizonaren biotzak araiño igo bear luke-ta.

Zenbat eta zintzoago siñistu, zenbat eta sendoago itxedon, zenbat eta beroago irrikatu, orduan eta ugariago artuko dugu.

Siñismenean, itxaropenean eta maitasunean atsedenik ez duen gogoarekin otoi egiten dugu.

Ala ere, noizean-bein aoz egiten diogu otoi Jainkoari, itzen bitartez geuron biotzari eragitearren.

Gaiñera, orrela ikusten dugu gure zaletasunean zenbat aurreratzen geran, geroz eta geiago sua bizitzen saiatuz.

Zaletasun aundiagoari, ondorengo bikaiñagoak erantzungo dio.

Orregatik esan zuen apostoluak: " Aspertu gabe otoi egizue ".